Emakumeak gerra zibilean Euskal Herrian
      Josu Chuecaren artikuloa da,
      EUSKAL BORROKA FEMINISTA aurrera!!
      liburuan kokatua. Liburua Egizanek argitaratu zuen 1999tan; pp.129-146.


      EMAKUMEAK GERRA ZIBILEAN EUSKAL HERRIAN

      Josu Chueca.

      SARRERA MODUAN. ILUNTASUNETIK ATERA NAHIEAN

      Alejandro gazteak India bereganatu zuen.
      Berak bakarrik ote?
      Zesarrek galoak menderatu.
      Ez ote zuen berarekin sukaldari bat bederen?
      Felipe Espainiakoak negar egin zuen bere Armada
      urperatu zenean. Ez ote zuen beste inork
      negarrik egin?

      (B. Brecht-en bertsoetatik)

      Ez da kasualitate hutsa emakume eta historia lotzen dituzten liburu eta ikerketa saio anitzek itzala, iluntasuna, ixiltasuna, amnesia, ahanztura... bezalako hitzak beraien izenburu zein sarreretan aipatzea1. Gizartearen gehiengoa osatzen duen kolektiboari historiako orrialdeotan arreta apurra edo zokoratze nabarmena eskeini baitzaio behin eta berriro. Bertol Brechten bertsoak, "langile baten galderak liburu baten aurrean" izenburuarekin, gure gaiarekiko hain erlazionaturik dagoen 1936ko urtean, kaleratu zituenak, era poetiko bezain larrian isladatzen dute, eta beste sektore herrikoi batzuek emakumeek historiagileen aldetik pairatu duten bazterkeria.

      Errealitate honi aurre egiteko, azken garaietan emakumeen inguruko ildo historikoa sakondu eta zabaldu den arren oraindik gabezia aunitz ditugu. Nahiz eta ikerketa asko eta hagitz baliotsu kaleraturik izan, Mary Nashek, 1991.ean emakumeen historiari buruz aipatzen zuen oroimenaren berreskuratzearen aroa gainditzeke dugu2.

      Ordutik honera aurrerapauso aunitz eman dituzte emakumezkoek historian barrena izan dituzten errolak azalarazteko. Gai hauek jorratzeko sortu diren erakunde batzuez gain, unibertsitatetako sail zenbaitek eta bertze talde batzuek burututako lanek emakumeari historiako lerroetan gero eta handiagoa den leku bat ireki diote. Hala eta guztiz ere, errealitate baikor honen gainean, oraindik itzal asko daudelakoan gaude. Gezurra badirudi ere, nahiz eta pixkanaka pixkanaka ikerlan baliotsu batzuk buruturik izan3, korronte, sektore eta gizaki batzuek hutsaren hurrengoa bailiran oroimen historikoetatik kanpo jarraitzen dute. Amaitzear dugun mende honetako gertaerarik latzena, 1936-1939.ko gerrarena hain zuzen ere, bazterketa horren adibiderik garbienetakoa dugu. "36 Kolektibo"ak salatu zuenez:

      "Emakumeak haiek beraiek edo sartuta dauden gizartearekin erlazionaturik, ezagutza historikoaren helburutzat gerra zibilak duen literatura itzelean hutsune haundiak dira"4

      Huts horretan ere euskal emakumeak ditugu. Saio interesgarri zenbait burutu diren arren, "iceberg" baten antzera, azaldu dena ur azpian dagoena baino askoz txikiagoa dugula uste dut. Ziur aski ez ditugu topatuko Shirley Manginik aipatzen duen "Pasionaria"ren antzeko emakumezko aitzindaririk5, baina bai egunez egun, luebakietan, lantokietan, eskoletan, ospitaletan, kartzeletan edo atzerrian ospearen beroa izan gabe historia burutu duten emakume aunitz. Hurrengo lerroek hitzaldi baten oihartzun idatzia direlako ezin dute asetu gai honetan dauden gabeziak6. Dena den, aipatzen ditugun gertaerak zein emakumeak gogorazteaz gain, ikerketa ildo hauek jorratzeko dugun beharra azalarazteko balio baldin badute nahikotzat joko nituzke.

      ITXAROPENAK IZU BILAKATU ZIRELARIK

      Altaffaylla Kultur Taldeak 1936. gerrari buruzko liburuak izendatzeko erabili zituen hitzak "Itxaropenetik Ikarara" hain zuzen ere, bete betean jar genitzazkioke emakumeek II. Errepublikak ireki zuen aroan bizi izan zuten egoerari. Erregimen errepublikarra, lortutako helburuak ikusita eta gorabehera eta kontraesan guztiak tarte zirelarik, itxaropenezkotzat jo ditzakegu.

      Giza arazo aunitzetan suertatu zen legez emakumeek bultzatu zituzten erreibindikazioak eta erdietsitako lorpenak bertan behera gelditu ziren 1936ko udan izandako altxamendu faxistaren ondorioz, batez ere 1939z geroztik ezarritako Diktadura luze bezain ankerra garaile suertatu zelarik.

      1931ean Estatu espainiarrean emakumeen eskubideen aldeko mugimenduak erdietsitakoak oso atzeratuta zebiltzan Europako beste herrialdeekin konparatuz gero. Botu eskubidea, beste herrialdeetan bezala, burgesia erdiko taldexka zenbaitera mugatuta zegoen eta politika mailan emakumezkoen partehartzea eskasa bezain murritza izan zen, Primo de Riveraren diktaduran zinegotzi eta Estatu kontseilukide hainbat azaldu ziren arren. Lan esparruari begiratuz, emakumezkoen iharduerak gainesplotazio eta aitakeriaren menpe jarraitzen zuen.

      Errepublikak, muga batzuekin izan bazen ere, hainbat aurrerapen eskeini zizkion emakumeari. Estreineko aldiz onetsi zuten bere hautagarritasuna baita botu eskubidea ere. Lehendabizikoa, Errepublika jaio eta berehala onartu zuten, maiatzaren 8ean alegia, eta lehen hauteskundeetan , 1931.ko ekainaren 28.koetan, Victoria Kent, Clara Campoamor eta Margarita Nelken, diputatu hautatu zituzten.

      Bigarrenak, ostera, kontraesan eta eztabaida sutsuak sortarazi zituen Madrilgo Parlamentuan. Emakumearen ustezko atzerapen politiko zein ideologikoa argudiatu zuten hainbat sozialistek, Indalecio Prietok eta Margarita Nelkenek errate baterako, eta errepublikarrek, Victoria Kent barne, funtsezko eskubide hori emakumeari ukatzeko. Dena den, 1931ko urriko lehen egunean, buruturiko saioan onetsi zuten 23, urtetik gorakoen bozkatzeko eskubide orokorra7.

      1931ko apirileko erregimenak bultzaturiko aldaketak egunerokotasunean ondorio nabarmenak zituzten legeetan eragina izan zuten. Kode Zibilean nahiz Penalean, emakumeen aldeko erreformak, gauzatu izan ziren. Beste batzuen artean, errate baterako: haur tutoretzaren ahalmena izateaz gain, lekukoak izan zitezkeen testamenduetan. Era berean, ordutik aitzina, amek aitek semealabekiko zituzten eskubide berdinak izanen zituzten. Bestalde estreinekoan, zigor penaletan sexu diskriminaziorik eza aldarrikatua izan zen. 1932ko otsailaren 25ean onartu zen dibortzioaren legeari dagokionez, emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunak jite aurrerakoia eman zion bide legal berri honi8. Hauek zirela medio, lehenengo aldiz emakumeak eskubideen osotasunera hurbildu ziren.

      Dena den, Mary Nashek baita Maria Gloria Nu–ezek ere nabarmendu zuten bezala, lege mailan onarturiko eskubide aunitz gauzatzeko tenorean bide antzua hartu zuten, ohikoa den printzipioen aldarrikapena eta bizitzaren arteko urruntasuna isladatuz9. Lehen biurteko errepublikarrak burutu zituen aurrerapen legalak moteldu edota kontrako norabidea hartu zuten 1933ko bukaeraz geroztik CEDA-Partido Republicano Radical delakoen agintaldian.

      1936ko otsailean, Fronte Popularraren garaipenarekin Errepublikak berreskuratu zuenean bere iharduera erreformatzaile eta aurrerakoia tarte eskasa izan zuen emakumeen alde aritzeko, berehala piztu baitzuten militarrek nahiz eskuindarrek berdintasunaren aldeko amets guztiak zapuztuko zituen gerra.

      Baina, lorpen zehatz guztien gainetik, errepublikarrek agindutako urteetan, emakumeen iharduera politikoak ordurarte historian zehar eman ez zituen urratsak burutu zituen iraganeko zokokeria gaindituz. Politikaren praxia, eliteen mugak atzean lagatuz, nabarmenki herriratu zelako emakume askok probeztu zuten joku demokratikoan aritzeko, giza-mugimenduetan nahiz alderdi desberdinetan. Honez gain, korronte guztietako emakumezko elkarteak garatu egin ziren Estatu espainiarrean baita Euskal Herri osoan zehar ere.

      Besteak beste, ikerketen desorekaz landa, Euskal Herrian "Mujeres Libres", "Comité Nacional de mujeres contra la guerra y el Fascismo"direlakoak, Emakume Abertzale Batza, "Margaritas" eta Falangearen "Sección Femenina" deiturikoak nabarmendu ziren.

      Hedadurari begiratuz gero, EAB, hau da, jelkideek bultzatu zuten erakundea zabalduena genuen. Primo de Riveraren bezperetan sortu eta gorpuzten hasi zen elkargo honek ikaragarrizko indartzea izan zuen Errepublikako abagaduneari esker, 205 inguru tokian tokiko elkarte martxan jarriz.

      Irizpide horri jarraituz, iharduera politiko zein kulturala askoz murritzagoa izan zuten karlisten margaritak ditugu, 80 bat inguru elkarterekin. Ahula erabat izan zen 1936arte falangistek sortarazi eta babestu zuten "Sección Femenina"delakoa. Masa mailan errotu ez ba zen ere, erregimen frankistak iraun zuen bitartean emakumezko burokrata urdi–en kabia bilakatu zen, Estatuak utzi zizkien heziketa eta gizalaguntza zenbaiten eremuei esker10.

      Ezkertiarrek eratutako emakumeen erakundeek hedadura murritzagoa izan zuten arren iharduera politiko haundia gauzatu zuten urte horietan. Izan ere esparru politiko honetako elkarteak berandu xamar sortzeak (Anarkisten "Mujeres Libres", 1936.ko apirilean, "Comité Nacional de Mujeres contra la guerra y el fascismo", 1933.ean) ez zuen erran nahi emakume ezkertiarrak praxi politikotik lekora zeudenik ezta gutxiago ere. Emakume anarkisten eragina CNT-k zituen hedaguneetan- (Donostialdean, Bilboko ezkerraldean) nabarmena izan zen11.

      Antzeko zerbait suertatu zen arestian aipatu dugun "Comité Nacional de Mujeres contra la guerra y el Fascismo" delakoarekin, hau da, komunistek bultzatu zuten erakundearekin. 1933ean sortu zen Madrilen, Dolores Ibarruri buru zelarik, 1934ko urriaz geroztik ilegalitatea zela medio, "Haurtzaro langilearen aldeko " izenaren pean babestu ziren, Urriko Iraultzaren ondorioz suertatu ziren errepresaliatuekiko elkartasuna bizkortzeko asmoz12. "Mujeres" izenburua zuen aldizkaria Bilbon kaleratu zuten 1937ko otsailetik urte horretako ekaina bitartean.

      Dena den, lehen aurreratu dugun legez, erakundetze prozesu honez gain, azpimagarriena dena da aro errepublikarrean emakumeen partaidetza politikoaren gorakada. Eskuinekoak zein ezkerrekoak emakumeei zegozkien erreibindikazioak bultzatu ez ezik lehia politikoan zein kultural orokorretan ere kementsu aritu ziren. Hauteskundeetan baita beste eratako kanpainetan ere hizlari gisa ihardu zuten emakume askok. Propagandista, hizlari, ekimen kultural batzuen sustengu gisa...etab.

      Ardura hauek guztiak hankaz gora jarri zituzten 1936ko udan armetan altxatu ziren militar eta faxistek. Jakina denez, hainbat euskal hiri gune garrantzitsuenetakoak izan ziren matxinadaren hasieran baita aurretiko prestatze lanetan ere. Eibarko Unzaga plazan II. Errepublika jaio zen legez, Iruñeko Gaztelu enparantzan 1936ko uztailaren 19ko lehen orduetan bere hilzoria abiatu zen. Hiri gipuzkoar horretako udal balkoian bandera hirukoloreduna altxatu zutelarik erregimen berriak argia ikusi zuen bezala, hiriburu nafarrean hiltzen hasi zen falangista talde batek "Izquierda Republicana"k Gazteluko plazan zuen egoitzako errotuloa enparantza horren kontra lurreratu zutelarik, Molak ordu batzuk lehenago aldarrikatu zuen gerra deialdia lagunduz.

      Alfa eta Omega izenda genitzazkeen bi jazoera hauek Euskal Herrian erregimen errepublikarrarekiko zeuden jarrera kontrajarriak argi eta garbi adierazi zituzten. Desberdintasun politikoetatik gorpuzten zen oposizioa ez zen batere berria 1936ko egunotan, berria zena zen orduz geroztik lehia politikoa, altxamendu faxista zela medio, Euskal Herrian baita Estatu osoan ere, armen bitartez erabaki behar zutela batzuek eta besteek.

      Horren ondorioz erakunde, alderdi eta giza sektore guztiek gerra egoerari aurre egin behar izan zioten. Estatuan gertatu zena haintzakotzat hartuz, Euskal Herrian bertan eman zen guda, denboraren aldetik murritzagoa izan zen. Dena den horkoa bezain konplexua, Estatukoan bezain zatikatzailea suertatu zen. Hortik abiatuta uler dezakegu emakumeek gerra horretan izandako partehartze anitza nahiz desberdina. Errebolta faxistarekin bat egin zuten emakume eskuindarren ardurak erretagoardiako lanetara mugatu ziren bitartean, askoz anitzagoak izan ziren Errepublikaren alde aritu zirenetakoak.

      Gerra piztu zutenetako eremuei begiratuz ezaugarri nabarmenena errepresioarena dugu. Altxamenduak, Iruñean bezalako lekuetan, arrakasta izateak ez zuen aldendu bere jite errepresiboa. Militarrez gain makina bolondres bat armetan altxatzeak ez zuen baztertu errepresiorik gordinena. 1936ko udaldian "Kosta ala kosta lortu beharra dago" zioen kanta karlistak ez zuen adierazi irabazteko zuten goreneko borondatea, gizakitasunaren bazterketa eta zanpatuekiko errukirik eza baizik. Uztailaren 19ko egunsentitik izandako atxiloketek, batzoki zein egoitza ezkertiarren aurkako erasoak eta desjabetzek, militarrek ezarritako gerra egoerak deuseztatu zuen sektore demokratikoen defentsarako ahalmena.

      Dena dela, haruntzago joan nahi zuten armetan altxatuek. Izan ere, eskuindarrek ia ia erabateko nagusigo politikoa zuten lurraldean egundoko jazarpena martxan jarri zuten, sarraski ezaugarriekin beraien arerio guztiek pairatu beharko zutena. Hilketak, gartzelaraldiak, mota guztietako zigorrak ezarri zizkieten hala edo nolako militantzia izan zuten errrepublikar, ezkertiar eta jeltzalei. 60 urte igaro ostean, "Gerla urte gezur urte" liburuan, argitara eman dituzten Fermin Irigarai "Larreko"ren testigantzek inork baino hobeto isladatu dituzte Nafarroan bizi ziren gertaera mingots horiek. Horrela zioen idazle auriztarrak:

      "Gorri nabarmenduenak bilduak eta ilak bertze batzu, aldiz igesari emanak. Bahituetarik egunero eta asko lekuetan saldoka il zituzten. Errietako berrien arabera, berdin aritu ziren Erribera aldeko erri geienetan: Alako errian ehun eta amar ilak dituzte, olakoan 120. Emengo egunkariek il orren berririk ez dute eman eta orgatik ez dakigu zuzenki zenbat mila diren"13.

      Emakumeak ez ziren une samin hauetatik kanpo gelditu. Oso lekukotasun esanguratsuak ditugu Altaffylla Kultur Taldeak burutu eta kaleratu zituen ikerketen emaitzak. Hauen arabera jakin badakigu hogeitik gora emakume hil zituztela inolako epaiketarik gabe, bide bazterretan, hilerrietako hormetan edo Nafarroako historia tristenera igaro diren Elomendiko Teiletegia edo Valcalderas bezalako lekuetan. Hauei gehitu beharko genizkieke beste lurraldeetan suertaturiko fusilamenduak. Errate baterako, Oiartzun aldean Arrasateko hainbat emakumerenak14. Hilketa hauek, kopuru aldetik begiratuta, gizonezkoek jasandakoetatik urrun gelditzen badira ere, faxistak emakumeen kontrako zigorrak azken mugaraino eramateko prest zeudela agerian uzten dute.

      Frankistek menperatutako eskualdeetan harrapaturik gelditu zirenek ameskaitz luze bati hasiera eman zioten. Askatasunaren eza ez ezik, heriotzaren mehatxua ere gero eta hurbilago sentitu baitzuten zuzenean edo hurbilekoen bitartez. Sartaguda, Alesbes, Lodosa... bezalakoak alargunen herriak bilakatu ziren, faxistek erretagoardian egindako sarraskiak zirela medio. Berriro aipatu beharra ditugu AFAN, Altaffaylla edo Oktubre antzeko taldeek egindako lanak gogorarazteko herriz herri buruturiko balentria errepresiboak.

      Hauek emakumeak erasotu zituztenean sarritan jite berezia hartu zuten. Gorroto eta mesprezu ikaragarria erakutsiz, iseka eta irain publikoak, ile mozketak eta antzekoak, erabili zituzten zigorraren feminizazio xelebre bezain tamalgarria erdiesteko. Jakina beste eraso mota aunitz pairatu behar izan zituzten emakumeek. Kartzelaldi eta isunez gain, ohikoa izan zen iharduten zuten arloetan, bereziki hezkuntzakoan, punizioak pairatzea. Hauen ondorioz, behin betiko lanpostuetako kanporatzeak, edo indarrezko leku aldaketak izan ziren maistra askok erasandakoak15.

      Azken finean, lehen unetik errepresioaren ardatza biraka zelarik erregimen frankistak bere biktimen artean emakumea zapaldu zuen inolako gupidarik gabe. Ez da harritzekoa diktadoreak iraun zuen bitartean garaituak suertatu zirenak, gerrak eta diktadura luzeak ezarritako sufrikario era guztiak pairatzea. Adibide aunitz azaldu genitzaken arren gogora dezagun 1936ko uztailetik bertatik abiatu zen bizitza osorako ameskaitza, Josefina Irujok bizi izandakoa eta kontatukoa16:

      "Ni ezkondurik nengoen eta ordurako Iru–ean bizi nintzen. Baina uda zenez gero Lizarran geunden. Uztailaren 18.an gure etxea miatu zuten. Lau gazte karlista etorri ziren, txapelgorriak, Lizarrakoak eta ezagunak. Ez zuten aurkitu inungo gizonik etxean, eta hor geundenok, nire ama, arras adindua, ni neu haurdun , eta nire koinata egoera berberean ginen. Azkenean alde egin zuten. Gero Eusebio eta Mirentxu etorri zirenean komenigarritzat jo genuen Urbasara joatea, egun batzuk pasatzera, pentsatuz zenbait egun barru, 15 egunetan, dana bukaturik egongo zela. Biharamunean nire senarrak hara eraman gintuen. Hor famili ezagun batekin geunden. Oso ongi. .../... Nire senarra bizpahiru aldiz etorri zen janaria ekartzera. Baina honelako bidai batetan atxilotu zuten eta horrela Iru–era eraman zuten. Hiru egun zihardun berriro libre utzi arte. Orduan Urbasara etorrri zen gure bila eta gure egontokia ezaguna zenez erabaki genuen gure etxeetara itzultzea. Baina ordutik gutxira, berriro atxilotu gintuzten. Orain denok erori ginen beren eskuetan. Eusebio nire anaia, nire ama, Miren, denok... Iruñera eraman gintuzten eta emakumezkook Ursulinetako komentuan17 hain zuzen ere giltzaperaturik gelditu ginen. Pixka bat beranduxeago, nire egoera ikusita, utzi ninduten etxera joaten, baina beti atxilotuaren egoeran. Eskandalagarria suerta ziteken komentu batetan haur bat jaiotzea! Horiek abuztuaren lehenengo egunak ziren zeren irailaren hasieran hilabete bat beranduago nire umea izandu nuen. Nire koinata Pilarrek ere pixka bat aurrerago izan zuen bera. .../... Gurutze Gorriak egindako preso trukaketa baten bitartez atera ginen 1937.ko udaberrian. Senarrak lortu zuen baimena gu Hendaiaraino laguntzeko baina ez zen itzuli. Hor gelditu ginen, zerua eta lurra bertzerik ez genuelarik. Gero Kapbretonen laketu ginen, 4 urte egin genituen hor"18.

      Espainiako gerratea amaitu zen bitartean, baina, galtzaileen nekeek oraindik denbora luze batez jarraitu behar izan zuten. Nazien frantziaratzea zela medio gauzak berriro okertu ziren errefuxiatu euskaldun eta espainiarrentzat. Hauetako aunitzek, haien artean Josefina eta bere familiko gehienak zeudelarik, Nazismoarengandik ihes egiteko asmoz bigarren atzerraldi bat burutu behar izan zuten. Orduko helmuga askoz urrunago zegoen kokaturik, itxasoz bertzalde alegia. Sorterritik urruntasunez gain, Espainiako diktaduraren iraupen luzea zela medio, errefuxiatu askorentzat behin betiko herbesteraldia bilakatu zen 1936 osteko une desberdinetan hasitako exodoa. Aipatu dugun Irujotarren artean, errate baterako, itzuliezinezko bilakatu zitzaien Aniana, Josefina, Miren, Andres eta Juan Ignaciori herbestean hil bait ziren.

      Euskal Herrian gelditu zirenen patua ez zen erosoagoa izan. Egokitasun osoarekin "Barne exilio"tzat jo zuen Miguel Salabertek bere gerraren ondorengo belaunaldiko eleberri "polibiografikoa"19.

      EMAKUMEAK GUDA FRONTEAN

      Araban errepresioa motelagoa izan zen arren Nafarroako egoera errepikatu zen. Goreneko agintari militarra zen Camilo Alonso Vegak eta Jose Luis Oriolek gidatzen zituen tradizionalistek egindako batasunak lurralde hori menpe jarri zuen Bizkaitik gertuen zegoen lur puxka bat izan ezik. Arabatik, Nafarroatik egin zuten antzera, erasotu zituzten Errepublikaren alde lerrokatu ziren itsas aldeko eskualdeak. Bizkaian nahiz eta Garellanoko koarteletan hainbat militar kolpe faxistaren prestaketan aritu, gehiengoak legalitatearen aldeko jarrerari eusteak eta langile erakundeen eraginak, errotik ebaki zituen Errepublikaren aurkako saioak.

      Anarkistetatik abiatuta Euzko Alderdi Jeltzalean bukatzen zen gizartearen mobilizazioa erabatekoa eta erabakiorra izan zen kolpisten asmoak bertan beheratzeko. Uztailaren 19an jelkideek bere bozeramailea zen "Euzkadi"ren bitartez horrela zioten:

      "Hiritartasuna eta faxismoaren artean gauzatu den borrokan, errepublika eta monarkiaren artekoan, gure oinarriek ezbairik gabe hiritartasuna eta Errepublikaren aldera eramaten gaituzte".

      Laugarren eskenatokian, Donostiakoan, hamar egun iraun zuen militar altxatuen eta hiritar leialen arteko lehiak. Uztailaren 21ean, militarrak Loiolako koarteletatik Donostiaz jabetzeko asmoz atera zirelarik, aurre izan zituzten adore osoz hiri horretako kaleetan gizon eta emakume ezkertiar aunitz. Diputatu eta kazetari sozialista zen Julian Zugazagoitiak ongi laburtu zuen militarren egoera bere kolpe saioak porrot egin ostean: "Egoitza berrietan babestuta, ez zuten gogorik amore emateko, baina ez zuten kemenik berriro kaleratzeko". Azkenean, uztailak 28 amore eman behar izan zuten Fronte Popular, CNT eta EAJren ordezkari eta aktibisten aurrean.

      Ordurako hiriburu gipuzkoarrean izandako borroka Urto, Goiherri eta Bidasoa aldean jokatzen ari zen gerra modura. Une eta gune horietan, Estatuko beste lekuetan gertatu zen legez, emakume batzuek guda fronteetan parte hartu zuten. Emakumeen erakundeek beraien partaideak erretagoardiara bidali bazituzten ere, hainbatek armez borrokatu zuten gerrako lehen gudaldi horietan. Agiri eskasa dela medio, zaila da fenomenu horren azterketa zehatza burutzea. Hala eta guztiz ere, milizianoen ezaugarriak honako hauek lirateke: Alderdi edo sindikatuetako aktibistak izatea eta gehienbat anarkismo edo komunismoari atxikiak . Kataluniako salbuespenak kenduta- non emakume talde zenbaitek eratu zuten batailoi bat- ez zegoen emakumeak armadan sartzeko bultzatuko zuen politikarik. Izan ere, gerrako lehen hilabeteak igaro ondoren, emakume erakunde guztiek zein alderdiek erretagoardian kokatu zuten emakumeen eginbeharra.

      Zertzelada guzti hauekin bat egiten du Euskadin gertaturikoak. Lehen unetan, Gipuzkoako fronteetan hain zuzen ere aritu ziren emakume bolondres zenbait. Baina 1936.ko azarotik aurrera, Elgetan frontea gelditu zen unetatik eta euskal armada egituratzen hasi zenetik ez dugu emakume militzianoren berririk. Ildo honetik ezagunena dugu Kasilda Hernaezek bizitutakoa:

      "Parte hartu nuen gudaldietan, bederen laguntzaile gisa. Eta ez eskuak poltsikoan. Sekulan orduan deitzen zen miliziana bezala. Nik ez nuen gogoko izen hori. Nik nere buruari deitzeko nahiago nuen iraultzaile edo borrokalariarena. CNTkook Aiako haitzetara borrokatzera joan ginen.../... Errekete batzuk atxilotu genituelarik harrituta begiratzen ninduten. Beraien begiradak erabat esanguratsuak ziren. Nola? Emakume bat hemendik ere? Mendi altu hauetan fusila lepotik zintzilik?"20

      Ez zen Kasilda aritu zen emakume bakarra. Ur ttantta solte bezalako aipamenak erortzen zaizkigu testigantzetako liburuetatik edo orduko kazetetatik. Felix Likinianok errate baterako azaldu zuen "La Riojana" izengoitiaz ezaguna zen emakume ausarta, Errenteriko frontean hilik suertatu zena21. Mika Etchebeherek POUMeko II. konpainiako kapitaina izan zen bolondres argentinarrak Siguenza aldeko frontean "Carmen euskalduna" ere aipatu zuen bere "Ma guerre d'Espagne á moi"22 liburuan.

      Donostian frankistak sartu aurretik kaleratzen zuten "Frente Popular " egunkariak Maximina Santa Mariaren berri ematen zuen elkarrizketa baten bitartez. Pasaiako gazte anarkista honek Aiako haitzetan ere ziharduen nahiz eta guda kontuetan sartu berria izan23. Faxistek ere Pikoketa defenditzen zuen talde baten atxiloketa zein fusilamenduaren berri kontatutakoan beste bi emakume hor zeudela jakinarazi ziguten. Hilketa horien lekuko zuzena izan zen Policarpo Zia kaperau karlistak honako lerro xelebreen bitartez emakume hauen azken uneak helarazi zituen:

      "Hemezortzi ziren defendatzaileak. Karabinero, trenbideko gizonak eta Irungo gazteren bat, 20 urte ez zituzten bi emakumez lagundurik zeudelarik. Beraien tiroekin gure tropen hornidura oztopatzen zutela aitortu zutelako heriotza zigorra jaso zuten haiek guztiek. Batzuek errukia eskatzen zuten. Erreketeek garaipenaren eztia dastatzen zuten bitartean, nik hemezortzi horiei heriotz epaiaren berri ematen nien. Nere ardurarik garrantzitsuena dohakabe horien arimak salbatzea zen. Ahal nuen guztia egin nuen. Jaungoikoari erreguak egin nizkion. Baina oso gaizki prestaturik zeudenez, soil soilik, lauk eman zuten amore, nere eskari, aieru eta mehatxuen eraginez.Gainontzeko beste guztiek Kristori uko egin zioten eta eskandaluzkoena, bi emagaldu horiena izan zen: Jaungoikoari irainduz, ukabila altxatuta eta ! Biba Errusia ! oihuarekin jaso zuten heriotza tiroen deskarga"24.

      Dena den Estatuko beste guda frontetan gertatu zen legez emakume gutxi izateaz gain, laster erretagoardian eraginkorragoak izanen zirela zioen argudioa ere nagusitu zen Euskadin25. Intendentzia lanetan, gizonek utzitako lanpostuetan, osasun mailan eta abarretan aritzea eskatzen zituzten artikuluek ordezkatu zituzten emakume borrokalariak goresten zituztenak. "El Liberal"en, emakumeak luebakietan nahiz erretagoardian zeuden uneetan, Indalecio Prietok aukera horretaz eztabaidatzen hasi zenean bere iritzia argi eta garbi azaldu zuen. "Emakumeen eginbeharra gerran" izenburua zuen artikulua horrela bukatu zuen buruzagi sozialistak:

      "Intendentziako arlo guztiez edo ia guztiez arduratu beharra dute. Gogoko ditut Frontetik datozkigun erreportai argazkiak , neska lirain batzuekin, koarteleko txanoak baita gure armada herrikoia janzten duen lan jantziak ere ematen dien politasun berezi horrekin. Baina askoz gehiago poztuko nindukete laster ikustea espero ditudan argazkiek, non neska horiek lantokietan jo ta ke arituko diren frontean jarraitzen duten gizonek behar duten guztia hornitzeko.26"

      Jarrera honekin bat egin zuten sektore guztietako ordezkariek zein komunikabideek. "Mundo Obrero" komunistak "Emakumeak Erretagoardiara" bidaltzen zituen garaietan, "Emakume antifaxisten" II. Biltzarrak emakumeek gizonek lan produktiboan lagaturiko hutsunea betetzera joan behar zutela aldarrikatzen zuen27. Gerrara joan ordez, lanera joan behar zuten.

      Euskal alderdiek eta emakumeen taldeek bat egin zuten argumentazio hauekin. Bilbon Bizkaiko erasoaldia gauzatu zen bitartean kaleratu zen "Mujeres" aldizkariak errate baterako produkzioan parte har zezaten emakumeek bultzatu zituen. Aldizkari honentzat gerra irabaztea zen lehentasunezko helburua eta honetarako frontean lehiatzen zuten gizonak ordezkatu behar zituzten emakumeek.

      Kutsu ideologiko eta erlijiosoko desberdintasunak aparte utzita, aldizkari nazionalistetan ere emakumeek joka zezaketen errolaz ideia berdintsuak azaltzen ziren. Euskal Gudarosteko bozeramailea zen "Gudari" horrela zioen, Ibone de Undatzek idatzita:

      "Gazteriak parapetoetan borrokatzen du, beste batzuek(emakumeak) hurrengo ereintzarako lurra laiatzen dute. Euskal andrearen esku finek baserriari eusten diote.../... Eta baserritarrek egiten duten eran hirian bizi denak bere lanak burutzen ditu. Neskek bere irtirinkeria lagatu dute lantokietan aritzeko atsedenaldirik gabe. Milaka kapusai, pontxo, alkandora, galtzak gure eskuetatik irten dira. Euskadiko lantoki haundi ala txikiak zeharka itzazue eta emakume baten irrifarrak lagunduko du lan neketsu eta latza. Ongi jabetzen gara gure gaurko eginbeharraz. Horrela izanen da amaierara iritsi bitarte. Bihotza fedez eta konfidantzaz gainezka garaipenean, gudariei beroa eta adorea emanez.28"

      Aldizkari horiek isladatzen zuten bizitzen ari zena. Izan ere 1936.ko azaroaz geroztik euskal armada batailoiez egituratu zenean emakumeek ez zuten parte hartu. Bestalde mobilizatu zen gizonezkoen kopurua, 40.000 ingurukoa ordezkatzea ezinbestekoa zen produkziorako eta gerrak zekartzan eginbehar berriendako ikaragarri haundia baitzen.

      Hainbat arlo produktiboei ekiteaz gain, lanbide bi nabarmendu ziren emakumeek garatu zuten lana zela eta. Gerrarekin zer ikusi haundia zuen erizaintzarena eta bestetik hezkuntzarena. Lehendabizikoari dagokionez, gerraren garapenak eskatuta, gero eta erizain gehiago aritu ziren lanean, bigarren lerroko ospitaletan batipat. Berez, beste lanbide batzueetatik etorritako emakumeak ziren, ikastaldi batzuen bitartez erizain bilakatu zirenak. Arlo honekin lotuta Euskadin ematen ari zen gerraren berezitasuna azpimarratzen zuen honako hau: Durangon, Gernikan, Zornotzan, Bilbon bertan ere lekaime zenbait aritu ziren euskal armadaren laguntzaz erretagoardiako ospitaletan29.

      Hezkuntza mailan ere nabarmendu ziren, maistra aunitzek aurrera eraman zituzten ardurak zirela medio. Sare desberdinetako irakasleak, eskola nazionaletakoak, auzo eskoletakoak zein euskaletakoak arduratu ziren 1936-1937ko ikasturtea aurrera eramateko. Honez gain, 1937ko martxotik aitzina, Frantziara, Belgikara, Bretainia Handira eta Sobiet Batasunera joan ziren 26000 inguru haurrekin laguntzaile edo irakasle gisa atzerrira jo zuten andereño askok. Donibane Garaziko "La Citadelle"n kokatu zen kolonian esate baterako, 30 inguru irakasletatik 23 emakumezkoak ziren30.

      IXILPEKO LANA

      Umeen atzerriratze masibo horiek gerrak zekartzan arrisku haundietatik ihes nahia eta denbora laburrean egiaztatu behar zen euskal armadaren galeraren ziurtasunaren ondorio zuzenak ziren. Lehian zeuden bi bandoen arteko desorekak frankisten alde jokatzen zuen nabarmen. Artileria eta hegazkineria mailan militar erreboltariek zuten erabateko nagusigoak deuseztatzen zuen Eusko Jaurlaritzaren batailoien defentsa adoretsua. Durangon eta Gernikan erabilitako estrategia ankerra lekuko delarik, gerra guztietan nagusia den indarra zeinen alde zegoen bistan gelditu zen. Bizkaiak duen hedadura haintzat hartuz, denbora luzez izan arren, azkenean bereganatu zuten Francoren soldadu eta bolondresek.

      1937ko ekainak 19ean, Euskadi autonomoaren muin estrategiko eta heroiko bihurtu zen Bilboko zubiak, frankisten erasoaldia oztopatu nahiean, lehertarazi zituztenean, azken ihesaren orduaz gain, erresistentziarenak ere jo egin zuen. Euskal armadaren hilzoria, Santo–a eta Laredoko itsasertzetan behin betiko hondamena suertatu zen arte, hilabete pare bat gehiago luzatu zen arren, Bizkaiko hiriburukoarekin batera euskal autonomiaren patua zein askatasun guztiena idatzita zegoen31.

      Hego Euskal Herri osoa frankistek menperatzeak gerra hasi zenetik horiek ezarritako errepresioaren homogeneizazioa zekarren. Gizabanakoen eskubideen zapalkuntza ez ezik galtzaileen aurkako errepresiorik latzena ere bai. Langileria mailan zein euskal nazionalitatearen eskubidekoan Errepublikako lorpenen deuseztatzeaz gain euskal nortasunarekin zerikusirik zuen ezaugarri ororen ukazio bortitzena gauzatu zen.

      Egoera hau zela medio, hainbat ekimen desberdin martxan jarri zituzten errepresaliatuekiko elkartasuna nahiz laguntza luzatzeko asmotan. Hasiera batean ekintza solidario hauek isolaturik gauzatu baziren ere, gero elkartasun sareak egituratzera iritsi ziren. Ildo honetatik saiorik eraginkorrena, Baztan haranean jaio zen iniziatiba dugu. Presoak sustengatzeko baita iheslariak laguntzeko ere bailara horretan elkartu zirenak laster bere eginkizunen maila zabaldu eta sakondu egin zuten, Eusko Jaurlaritzaren aldeko espiotza lanak aitzina eramanez32.

      Sare honen muina Errepublikako urtetan Emakume Abertzale Batzaren partaide izan zen Bittori Etxeberria dugu. 1920.tik aurrera Jose Ariztimuño eta Aingeru Irigarairekin batera ihardun zuen "Euskaltzaleak" eta "Euskeraren Adiskideak " bezalako elkarteak antolaturiko ekimen guztietan. Errepublika iritsi zenean EAJren idazkaria izan ezezik, Baztango Emakume Abertzale Batzaren lehendakarisa ere izan zen, mitin askotan parte hartuz. Aktibitate hauek zirela medio, gerra abiatu zenean Felizitas Ariztia eta Francisca Iribarrenekin batera Iruñera herbesteratu zuten baina Baztanera itzuli bezain laster hasi zen errepresio frankistatik ihes zebiltzanak mugaz bestaldera joaten laguntzen.

      Bera izanen zen gero "Alava sarea" deitu izan zuten lehendabiziko eta antolatzailerik garrantzitsuena. Haren eraginez erakunde horretan presoak laguntzen isolaturik ihardun zuten hainbat aktibista jelkide, Delia Lauroba, Itziar Mugika, Teresa Verdes etab. elkartu zirelako. Izan ere Bittori arduratu zen elkarte osoa egituratzen. Berak lortu zuen gainontzeko partaideen kolaborazioa, lau lurraldetako 20 tik gorako aktibista izanen zuen taldea eratuz.

      Erakunde horretaz Jose Antonio Agirrek zuen txostenak horrela zioen:

      "Pepitak (Bittorik erabiltzen zuen izengoitia) sortu zuen elkartea. Berak eman zituen lehenbiziko urratsak eta zabaldu egin zuen. Gaur harreman guztien oinarria jarraitzen du izaten. Laredoko azken uneekin batera, Pepitak eskualde horretara bidaia klandestino bat burutu zuen. Jarraian elkarrizketatu ginen berarekin eta berarengan zerbait probidentziala aurkitu genuen. Bitarteak ezagutzeaz gain erabat arriskutsua zen giza ekintza batean, zeinean bera ere sarturik zegoen, aritzen ziren hainbat abertzale bere kabuz eta bakarti ihardun zutenak arras ongi ezagutzen zituen. Hasieratik bermatu zigun berarekin izan genuen komunikazioa, esku lagunei esker eta ziurtasun osoz, mugaz bi aldetara igarotzeko bitarteak zituelako. Horrela hasi zen bere lana. Hortik gutxira muga zeharkatzeko Agustin Ariztiaren laguntza zuen.../... Gipuzkoan Salusengan (Itziar Mugikaren izengoitia) aurkitu zuen gune horretako ardura. Araban elkarrizketatu zen Vicente Viterirekin. Gure izendapena, ordezkariarena, alegia eman zion. Beranduago, Nafarroan horrelako gestioak burutu zituen bertako hiriburuko abertzale nabarmenekin elkarrizketatuz. Bera inguratzen duten lan baldintzak, gure aktibistek dituztenen artean okerrenak dira. Alde batetik bizi den herriko txikitasunak eta bestetik bere abertzaletasun nabariak bigilantzia estua dakarkiote. Gaurkoan bi urte daramatza Pepitak etengabeko lanean. Bere eginkizun beharrezkoak diren bitartean bere tokian ihardun egingo du abertzale peto petoa baita. Bere lana oinarrizkoa dugu".

      Txosten honek emakumeen errola nabarmentzen zuen erranez: "Sare hau ia ia bere osotasunean emakumeek eraturik dago." Eta horrela zen Bittorirekin bat eginik Delia Lauroba Yeregik, Itziar Mugikak Gipuzkoan eta Teresa Verdesek Bizkaian erakunde horretan eginahal esanguratsuak burutu zituztelako . Sare honetako abiapuntua Santo–ako errendizioa izan zen. Euskal Gudarosteko bukaeraren baldintzak eta gatibu zeuden gudarien egoera jakiteko Eusko Jaurlaritzako Informazio zerbitzuen burua zen Jose Maria Lasartek itsasportu horretara joan zedin Bittori Etxeberriari eskatu zionean hain zuzen ere. Horrela Santo–an preso zuen senarra Delia Laurobaren bitartez, Eusko Alderdi Jeltzaleak hor zituen buruzagiekin errendizioaren hitzarmena eskuratu zuen.

      Emakume hauek burutu zuten lanik garrantzitsuena horixe izan zen: Burgos, Larrinaga, El Dueso edo Puerto Santa Maria bezalako kartzeletan preso zeuden gudariekin lotura bermatzea eta epaitegi desberdinetako funtzionariekin harremanetan sartzea burutzen ari ziren epaiketen ahalik eta informazio gehien bereganatzeko asmoz. Honekin posible zuten Eusko Jaurlaritzakoek enbaxada eta kanpo aferetako ministeritzaren bitartez heriotz zigor zenbait bertan beheratzea baita gatibuen egoera leuntzen saiatzea ere.

      Elkarte honek lorturiko eraginkortasuna datu honek egiaztatzen digu: Burgosen eskuraturiko agiriak Baionaraino eraman ostean Gaztelako hiriburura itzultzen zituzten, muga harat eta honuntza igarota, 24 ordu eskasetan. Jose Antonio Agirrek zuen txostenak dioenez aldizkariak, liburuak kontatu barik, 1242 agiri Baionaratu zituzten Eusko Jaurlaritzaren eskutan jartzeko. Horietan justiziarekin zerikusirik zeukatenaz gain armada frankistari zegozkionak gailentzen ziren. Sare honetakoek bildu baitzituzten txosten aunitz honako gaietaz: "Mendebaldeko Pirineotako gotorleku frankistak", "Euskal mugan burutzen ari diren gotorleku eta lanak", "Barkuen sarrera eta irteeren mugimendua" "Interes militarraren datuak" etab.

      Espioitza lan hauek aurrera eramateak ez zuen eragotzi hasieratik zuten beste eginkizun bat burutzea, iheslarien muga zeharkatzearena alegia. Horri esker Javier Landaburu, Jesus Insausti "Uzturre", Beldarrain bezalako buruzagi politiko aunitzek ahal izan zuten frankistengandik alde egitea. Modesto Urbiolak hil baino lehenago horrela gogoratzen zuen arlo horretan egindakoa:

      "Makina bat jende Frantziaratu genuen. Leku guztietatik etorritakoekin genbiltzan. Gure sarea Eusko Alderdi Jeltzalearena bazen ere, beste alderdietako jendea baita agiriak ere igaro genituen. "Pasionaria", Juan Negrin eta abarrentzat eskutitzak errate baterako . .../... Medizinak eta arropak bidaltzen zizkiguten preso zeudenentzat. Nere etxean gela bat presoendako medizinaz eta arropaz beteta genuen. Emakumeak heroi bezala aritu ziren. Sarritan hauen aldeko omenaldiaren ideia plazaratu dut, batez ere lau horietarako.33"

      1940ko abendurarte iraun zuen sare horrek. Frantzia naziek indarrez bereganatu orduko Mendebaldeko Pirinioak beraien menpe jarri zituztelako eta Parisen zegoen Eusko Jaurlaritza desegituratuta suertatu zelako, aktibitateak murriztu egin ziren erabat. Behin betiko bukaera hilabete zenbait beranduago iritsi zen. 1940ko abendua eta 1941ko urtarrila artean, frankistek egindako atxiloketak zirela medio. Izan ere, naziek Marceau hiribidean zegoen Eusko Jaurlaritzaren egoitza hartu zutenean "Barne Zerbitzua"z aritzen zen txosten bat eskuratu zuten. Frankistei luzatu ostean sare horretako partaide gehienen atxiloketak gauzatu zituzten.

      Sei hilabete nahiko denbora izan zen epaileek 19 heriotz zigorra erabaki zituzten sententzia ontzat emateko. Epaitegi gorenak 1942ean egindako errebisioan, zortzi heriotz zigorrera murriztu zuen eta azkenean behin betiko gaztigua Luis Alavak pairatu zuen 1943ko maiatzaren 6an hain zuzen ere. Gainontzekoek 30, 25, 6 urtetako punizioak jasan behar izan zituzten. Emakumeei dagokienez, Itziar Mujikak eta Bittori Etxeberriak espioitza lanak burutu zituztelako 30 urtetako zigorra jaso zuten. Tere Verdesek eta Delia Laurobak antzeko salaketak zirela medio 25 eta 20 urte, hurrenez hurren34.

      Luis Alavaren salbuespen tamalgarriaz landa, emakumeek jasandako zigorrak gizonezkoek pairatutakoenak bezain latzak izan ziren, klandestinitatean garatutako lana antzekoa izan zelako. Azken batean, Emakume Abertzale Batzak bere aldarrikapen ideologikoetan emakumeontzat aurreikusten zuen bigarren mailako eginahala zokoratuz, lehen lerroko protagonismoa hartu baitzuten aipatutakoek Frankismoaren aurkako erresistentzian.

      Modesto Urbiolak arestian aipatzen zuen giza onespenik gabe, azken urteotan, adinaren zamak eraginda, ixil ixilik joan dira emakume hauek guztiak. Historiari dagokio orain berezko ezaugarria duen lekukotasun historikoaren bitartez emakume hauek eta izkutuan egon daitezken beste aunitz gogoraraztea. Ronald Fraserrek 1936ko gerrari buruzko liburuan zekarren eskaerak- Gogora itzazu eta besteei gogorarazi" zioena egiaztatzeko.


      OHARRAK

      1 Fernanda Romeu. El silencio roto. Mujeres contra el franquismo. Madril, 1994. Juana Doña. Desde la noche y la niebla (mujeres en las cárceles franquistas. Madril, 1978, 1993. HH.AA.Mas enlla del silenci : Les dones a la historia de Catalunya,.Bartzelona, 1988.Sheila Rowbotham, La mujer ignorada por la historia. Madril, 1980.
      Texto

      2 "Dos decadas de Historia de las mujeres en España. Una reconsideración" Historia Social, 9.zenb. 1991.
      Texto

      3 Gure gaiarekin zuzenean loturik dagoen bibliografia osoa aipatu gabe, nabarmendu ditzagun hainbat izenburu: Geraldine M. Scanlon. La polémica feminista en la España contemporánea (1868-1974) Madril, 1976. C.armen Alcalde.. La mujer en la guerra civil española. Bartzelona, 1976. Mary Nash.. Mujer y Movimiento Obrero en España 1931-1939. Bartzelona, 1981. H.H.A.A. Las Mujeres y la guerra civil española. Salamanka-Madril, 1991. H.H.AA. Emakumeak Euskal Herriko Historian. Ipes. Formazio Koadernoak, 24. zenb. Bilbo, 1997. Mercedes Ugalde Las Mujeres nacionalistas vascas en la vida publica: Gestación y desarrollo de Emakume Abertzale Batza 1906-1936. Bilbo, 1993. Ibidem "Las mujeres en el nacionalismo vasco durante la II República: Esquema metodológico " La mujer en la Historia de España (Siglos XVI-XX) liburuan. Ibidem "Emakume Abertzale Batza en la II república en Navarra" I Congreso de Historia de Navarra de los siglos XVIII-XIX y XX. Iruñea, Giuliana di Febo. Resistencia y Movimiento de Mujeres en España 1936-1976. Bartzelona, 1979. Ingrid Strobl. Partisanas. Bartzelona, 1996. Shirley Mangini. Recuerdos de la resistencia. La voz de las mujeres de la guerra civil española. Bartzelona, 1997.
      Texto

      4 Ikus "Despertar, represion y letargo de la conciencia feminista España 1936-1939". Colectivo 36-k idatzia in Mujer y Sociedad en España (1700-1975) HH. AA. Madril, 1982.ean.
      Texto

      5 Aipatutako liburuan horrela dio: "Pasionaria"tik kanpo, Euskal Herrian inolako emakumezko aitzindaririk ez da azaltzen testu garrantzitsuetan, ezta beraietaz hitz egiten ere". 231 orr. 35. oharra.
      Texto

      6 Lizarrako Fray Diego Kultur Etxean, 1998.ko abenduaren 12.an alegia.
      Texto

      7 Rosa M. Capel, El sufragio femenino en la Segunda República española, Granada, 1975.Esperanza García Mendez, La actuación de la mujer en las cortes de la II República, Madril, 1979. Concha Fagoaga, La voz y el voto de las mujeres. El sufragismo en España 1877-1931, Bartzelona, 1985.
      Texto

      8 Ikus beste batzuen artean aipaturiko La actuación de la mujer en las Cortes de la II República, 85-93 orr.
      Texto

      9 Mary Nash. "Les dones i la Segona Republica: La igualtat de drets i la desigualtat de fet". Perspectiva Social. 26. zenb. Bartzelona, 1988. Maria Gloria Nuñez. Trabajadoras en la segunda República. Un estudio sobre la actividad económica extradoméstica (1931-1936) Madril, 1989.
      Texto

      10 Falangeari buruzko liburu orokorrez gain (S. G.Payne, García Venero, H. R. Southworth, S. Ellwood...) Sección Femenina delakoaz ikus daitezke M. Teresa Gallego Mendezena Mujer, Falange y franquismo. Madril, 1983. Rosario Sanchez Lopezen Mujer española, una sombra de destino en lo universal. Trayectoria Histórica de Sección Femenina de Falange (1934-1977) Murtzia, 1990.
      Texto

      11 Ikus Mary Nasek idatziriko "Mujeres libres" España 1936-1939 liburuko sarrera. Bartzelona, 1976. Euskal Herriko anarkistentzat, Idoia Ehizmendiren "Emakume anarkistak Hego Euskal Herrian" Emakumeak Euskal Herriko Historian 1. ohar. aipatutako liburuan.
      Texto

      12 Scanlon, Alcalde, etab. liburuez gain, D. Ibarruriren "Memorias de Pasionaria" , Bartzelona, 1984.
      Texto

      13 F. Irigarai, "Larreko" Gerla urte gezur urte. Iruñea, 1993ean.
      Texto

      14 Ikus Oktubre Taldeak idatziriko Arrasate 1936 Belaunaldi etena. Donostia, 1987.
      Texto

      15 Ikus "La represión del magisterio navarro" Navarra 1936. De la esperanza al terror aipaturiko II.liburukian. Tafalla, 1986.
      Texto

      16 Lizarra hitzaldiaren lekua zenez Josefina Irujo Ollo bertakoa izanik egokitzat jo genuen berak pairatutakoa gogoraraztea.
      Texto

      17 Jakina denez komentu eta apaiztegi asko birziklatu zituzten frankistek gartzela eta koartela gisa erabiltzeko. Gerra amaitu zenean emakumeen gartzela asko horrelako egoitzetan kokaturik zeuden.
      Texto

      18 Berak Buenos Airesen emandako lekukotasuna. 1991.urtarrilako 3.an.
      Texto

      19 El exilio interior. Bartzelona, 1988.
      Texto

      20 Berak LM. Jimenez de Aberasturi emandako lekukotasuna, Casilda miliciana Historia de un sentimiento liburuan. Donostia, 1985.
      Texto

      21 Pilar Iparragirre. Felix Likiniano Ezina ekinez egina. Tafalla, 1994.
      Texto

      22 Paris, 1976.ean. Ba da argitalpena gazteleraz ere , Bartzelonan, 1987.ean egina.
      Texto

      23 "Frente Popular", 1936.ko uztailak 10.koa.
      Texto

      24 Policarpo Zia. Memorias del tercio de Montejurra.
      Texto

      25 Ikus "la mujer y la lucha" "Frente Popular" 1936.ko iraileko 4.koan.
      Texto

      26 "La misión de las mujeres en la guerra según Prieto" "Frente Popular" egunkariak El Liberaletik hartu eta 1936.ko abuztuko 16.ean argitaratua.
      Texto

      27 Beste egileen artean eztabaida hau ongi bildu zuen Carmen Alcalderen aipaturiko liburuan.
      Texto

      28 "Gudari" 2. zenb, 1937ko martxoak 27a.
      Texto

      29 M. Teresa Muñoz . "La sanidad militar en Euskadi durante la guerra civil (1936-1937) Boletin de la R.S.B.A. P. LII zenb. 1996.
      Texto

      30 Pilar Alba, Isabel Larrakoetxea, Begoña Arana,Libe Altuna, Miren Gezala, Flora Idarreta, Carmen Zunzunegi, Rosario Landarte, Valentina Campos, Pilar Melendo, Libe Zugadi, Miren Altuna, Trinidad Torrontegi, Miren Eskarne Ispizua, María LUisa Elezkano, Rosario Lekerika, Maria Muniategi, Maria Lexarraga, Felisa Aretxaga, Francisca Ugarte, Genoveva Leibar, Julia Fernandez Zabaleta, Polixene Trabudua. Zerrenda hau Jesús J. Alonso Carballések kaleratu berria(Bilbo, 1998) duen 1937 Los niños vascos evacuados a Francia y Belgica, liburutik hartu dugu. Gai honetaz aitzindari dugu Gregorio Arrien bere (La generación del exilio. Génesis de las escuelas vascas y las colonias escolares 1932-1940. Bilbo, 1983; Niños vascos evacuados en 1937. Album histórico. Bilbo, 1988. Niños vascos evacuados a Gran Bretaña 1937-1940. Bilbo, 1991) lanekin. Euskeraz ditugu Dorothy Legarretaren Gernikako Belaunaldia. Espainiar ani arteko gudako euskal ume errefuxiatuak. Donostia, 1987. X. Goitia. Eusko umeak atzerrian. Bilbo, 1991.
      Texto

      31 Ikus Josu Chueca eta Luis Fernandezen Espainiako gerra zibila Euskal Herrian. Lasarte-Oria, 1997.
      Texto

      32 Ibidem eta gure "Mujeres antifranquistas en la retaguardia nacional. El caso de navarra" Las mujeres y la guerra civil española aipatutako liburuan.
      Texto

      33 Gurekin izandako elkarrizketa. Iruñean, 1989.ko urtarrilak 14.ean.
      Texto

      34 Ikus sare honen partaide izan zen Iñaki Barriolaren l iburua. 19 condenados a muerte. Donostia, 1978. Baita gure Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian berak emandako testigantza.
      Texto

      Índice La infamia del patriarcado a la página principal